XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), eta asteazkenetan, berriz, eztakit nor il-zualako, gizajoak astearen erdia deusere jan gabe bere borondatez igarotzen zuan; au dala-ta, laister zearo argaldu zan, ezur utsetan gelditzeraño; nere ustez, etzuan urkatzalleak lanik asko egin bear izan, bi tornilluak zintzurraren erdian arkitu zitezen.

Gizajo zoritxarrekoak egunak idazten pasa oi-zituan, sukarrak joa dagonaren antzera, eta iñori orrekin kalterik egiten etziolako, ta gañera, kartzelako zuzendariak, biotz onekoa baizan, agindu zigulako, idazten jarraitu zezan, bear zuan guzia emateko, gizona lasai arkitzen zan eta gelditzeke ekin oi zion.

Bein batean, deitu ta sobre iriki batean eskutitz edo karta bat erakutsi zidan, (nai badezu irakurri dezazun, esan zidan), Merida'ko don Joakin Barrera López'eri zuzendua, eta alako abotsez esan zuan, eztet iñoiz jakin agindu, ala erregutu egin zidan:
- Eramaten nautenean, zuk karta au artu ezazu, eta paper-pillo au zerbait antolatu, ta guzia jaun oni emaiozu.

¿Ulertzen al-didazu?

Eta gero, neri, begietara begiratuaz, eta bildurtzen niñuan alako misteriozko begiratu bat egiten zidalarik, jarraitu zuan: -¡Jaungoikoak sarituko dizu... neuk ala eskatuko diot-eta!

Nik bere naia bete nuan, ortan ezpainuan iñorentzat kalterik ikusten, eta gañera ildakoen borondateak betetzen beti izan naizelako saiatua.

Bere eriotzaz eztizut auxe besterik esango: besteen antzekoa ta zoritxarrekoa izan zala, eta asieran bere burua kementsu agertu bazuan ere, eta danon aurrean ¡Egin bedi Jaunaren borondatea! jaulki bazuan ere, guziok txunditurik lagatzen giñuela, laister aztu zitzaion bere kementasunari eutsitzea.

Urkabea ikusi zuanean, kordea galdu zuan, eta bere onera etorri zanean alako deadarrak egiten zituan, il nai etzuela eta berekin egiten zutena etzala legezkoa esanaz, elduta arrastaka aulkitxoraño eraman bear izan genduan.